"... bai! harrapatu nauzu! hau da gure txoko birtuala, ongi etorri! Badakizu... betidanik maite izan dut argazkigintza, momentu konkretu bat betirako gordetzea zerbait magikoa iruditzen zait eta egia esan, pribilegiatutzat daukat nire burua, nire lana, hainbeste gustatzen zaidan artean oinarrituta baitago oso osorik.
2003ko neguan bota ginen bidera eta "BELUN ARGAZKIAK s.l." sortu genuen, argazkigintza digitalean oinarritutako publizitate eta komunikazio proiektuak aurrera eramateko helburuarekin. Arrasaten hasi ginen. Baliabideetan ez genuen inongo zalantzarik, punta puntakoak nahi genituen gure bezero izan zitezkeenei kalitate eta entrega egun onenak bermatzeko. Eskarmentua bagenuen: “Arte Ederra”-k egin ondoren, Bartzelonan bizitako urteak (Joaquin Montaner-ekin ikasitako guztiak argazkigintza digitalean, lan ordu haiek Bernard Rives-ekin...), Bizkaian “Estudios Durero”-n emandako urteak,... baina era baten, hasi berria nintzen negozio honetan. Urte zirraragarriak izan ziren. Eta aurrera gindoazen... eta aurrera...
Orain, urte batzuk pasa dira, atzera begiratzen dut eta inoiz baino harroago nago egindako bidearekin. Era guztietako enpresekin lan egiteko aukera izan dut, txikietatik handienetaraino... gure beharretara egokitutako, amestutako 345m2-ko lan-leku baten finkatu gara Eskoriatzako Torrebaso pasealekuan, behar ditugun instalazio eta teknologia guztiekin, doitasun handiko ekipo batekin,...
Pertsona asko ezagutzeko parada izan dut, elkar lanean lan egitea beti izan dut gogoko, eta aurrera begiratzen dut... eta hainbeste gauza on ikusten ditut eta ikusi nahi ditut... Mila esker!..."
Jessica del Campo Gallastegi